Ekonomia soziala eta teknologia libreak lantzeko.
Azaroaren 6tik abiatuta ekonomia soziala eta teknologia libreak uztartuko dituzten formazioak hasiko ditugu Torrekuan, TEKS elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolatuta.
Badira urte batzuk, Errenteriako Udalak sustatuta, Torrekuako elkarlantegiak teknologia digitalekin lotutako proiektuak garatzen direla, eta besteen artean bertan sortu genuen TEKS elkartea, Euskal Herrian teknologia libreak eta ekonomia soziala uztartuta lantzen dituzten enpresa eta eragileak saretzeko sortutako elkartea. TEKS elkartea Torrekuak emandako harreman eta babesean sortu dugu, eta orain, gure asmoetan egiteko nagusietako bat den formazioen esparruan pauso berri bat eman nahi dugu Errenteriako Udalarekin elkarlanean.
Hemendik eta urte amaiera bitarte egingo dugun formazio zikloan, aurrerantzean ardatz izango diren gaien inguruan antolatu dugu eskaintza: Ekonomia Soziala, Software Librea, Hardware Librea, garapen Aurreratuak eta Teknologia Denontzat.
Teknologiaren formazioa garatzaileen ikuspegitik hasi, eta edozein herritarren erabilera mailaraino zabalduz, eskaintza zabala izango da, euskaraz landutako ezagutzan oinarritua, eta hartzaile profil ezberdinei bideratua. Hala nola, software garatzaileak, tokiko ekonomiako eragileak, enpresa eta erakundeetan erabaki teknologikoak hartu behar dituztenak, ikasle, irakasle eta ikastetxeak, eta eguneroko bizitzan tresna teknologikoak erabiltzen dituzten herritarrei egokitutako saioak izango dira atalez atal. Lanketa berezia egingo dugu arrakala digitala pairatzen duten herritarrak formatzeko, eta hezkuntzan eta gazteen artean teknologiaren erabilera arduratsuaren sustapena egiteko, horretarako bereziki garatuko den Teknologia Denontzat ildoaren bitartez.
Formazio eskaintzan saio teorikoak, praktikoak, esperimentalak eta proiektuen sozializazioan oinarrituak gurutzatuko ditugu, programan ikusi daitekeen bezala. Neguko oporretan ere eskaintza berezitu txiki bat egingo dugu haur, gazte eta familiei zuzendua, horren berri aurrerago emango badugu ere.
Torrekuatik abiatuta, Orereta/Errenterian, eskualdean eta Euskal Herrian ekonomia sozialaren ikuspegia txertatua duen eta herritarren beharretan oinarritzen den teknologiaren erakusgarri izan nahi dute formazio hauek, eta hemendik aurrera TEKS elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarlanean garatuko dugun bideak, teknologia burujabetza herritik bertatik eraikitzen joateko asmoz.
Hemen dezute programazioa: