Teknologian ere generoa ez delako neutroa

  • Post author:

Ahalduntze teknologikoa emakume taldetan

Gaur egun bizi dugun krisiak behar digitalak azaleratu ditu inoiz baino gehiago. Tresna digitalak eta bereziki sarean dauden zerbitzuak erabiltzea ezinbesteko bihurtu da eguneroko bizitzan oinarrizko beharrak asetzeko. Honek, arrakala digitalaren arazoa are gehiago ikustaraztea ekarri du. Eta noski, beste zenbait esparrutan bezala, generoak ere arrakala hau sakontzen du modu nabarmenean, bereziki adin tarte batetik aurrera.

Testuinguru honetan, Arrasateko Emakume Txokoan eta Oreretan Torrekuan tailerrak eta formakuntzak ematen aritu gara azken hilabeteotan, emakume talde ezberdinekin. Proposamena zuzenean etorri zitzaigun herri bakoitzeko emakume etxeetatik, konfinamentua eta gero detektatutako arazoei erantzun moduan. Teknologia digitaletan ahalduntzea garrantzitsua da genero arrakala digitala desagerrarazteko bidean.

Emakume askok teknologiekiko sentitzen duten barrera hein handi batean beldurrak eta familiarizazio ezak eragina da, eta horren aurrean tresnak eta baliabideak eskaintzea da bidea gure ustez. Ikuspuntu horretatik planteatzen ditugu ikastaroak.

Ezin ahaztu feminismoaren izaera transbertsala gure bizitzetako esparru denetan, eta nola ez, tokatzen zaigun aldetik, teknologian. Ez da kasualitatea bereziki emakumeen artean gabeziak azaleratzea gaitasun edo ahalmen digitalari dagokionez, zer esanik ez adin edo klaseari erreparatuko bagenio, baina hori beste gai bat litzateke. Gabezia hauek askotan blokeo eta beldurretan azaleratzen dira, eta hau feminismoak hainbeste landu duen autoestimuaren gaiarekin zuzenean lotuta dagoela uste dugu. Horregatik, tailer eta kurtso hauek begirada feministatik planteatzen sahiatzen gara, ahalduntze prosezuaren marko baten baitan hain zuzen ere.

Ikastaroetan zenbait ariketa praktikoren bidez eguneroko bizitzan erabilgarriak diren ekintzak eta prozedurak Internetekin nola egin ahal diren ikusten dugu, elkarrengandik ere ikasiz eta beharrak idenfikatuz bidea egin ahala. Hala nola, bideodeien kudeaketa, sarrerak edota tiketak internetez erostea, nahi duguna bilatzen ikastea, streaming-eko plataforma eta saioetan parte hartzea, pribatutasuna… bezalako gaiak jorratu ditugu. Orotariko plataformak eta erremintak ikusten ditugu, betiere software librea lehenetsiz, eta honen inguruko diskurtsoa eta eztabaidak txertatuz. Edozein modutan, praktika konkretuetatik haratago beldurra kentzea eta nork bere buruan konfiantza irabaztea bilatzen da, teknologian ahalduntzea azkean finean.

Esperientzia ederra eta aberasgarria izaten ari da, bai guretzat baita parte hartzen duten emakumeentzat ere. Motibazioa itzela da, eta saio bakoitzetik indartuta eta gehiago lantzeko gogoz irtetzen direla esan digute. Teks-en oinarrietako bat teknologia herritarren zerbitzura jartzea izanik, horrelako praktikak lantzea ezinbestekoa dela uste dugu gure komunitateak indartzeko. Teknologiak bizitza burujabe bat izateko ematen dizkigun giltzak lantzen jarraituko dugu ahal dugun esparru guztietan.

Oraingoz landutako tailerrak hurrengoak izan dira:

  • Bideodeien kudeaketa orokorrean:
    • Bideodeien oinarrizko funtzionamentua, ematen dituzten aukerak…
    • Plataforma edo erreminta ezberdinen ezaugarrien konparaketa
    • Oinarrizko iruditegi “komunak”
  • Bideodeiak Jitsi-rekin
  • Bideodeia Zoom-ekin
  • Whatsaparen aukerak:
    • Bideodeiak
    • Taldeak eta hauen aukerak
    • Kanalak
    • Kokapena zein beste baliabide batzuen elkarbanatzea
  • Telegram-a:
    • Zergatik telegram?
    • Taldeak
    • Kanal irekiak
    • Kanal mugatuak
  • Pribatutasuna:
    • Bilatzaileen funtzionamendu orokorra
    • DuckDuckGo
    • Robinson zerrenda
  • Nola aurkitu bilatzen dugun hori:
    • Bidaia bat egiteko bidea nola topatu
    • Garraio publikoan ibiltzeko tiket-a nola erosi
    • Kultur ekintza baterako sarrera nola lortu
    • Jatetxe edo denda baten ordutegia topatu
    • Jatetxe edo denda baten telefonoa topatu eta zuzenean deitu
    • Bilatzaileetako filtroak erabiltzen ikasi
    • Youtubeko bideo batetik audioa nola atera ikusi
    • Gauzak erosterako orduan oinarrizko kriteriak
    • Orrialde fidagarriak eta ez fidagarriak identifikatzeko gakoak
    • Pasahitzak kudeatzeko moduak